GARA > Idatzia > Kirolak

KRONIKA | Tolosarren maitasun adierazpena: «Gora Asier eta gora Edurne!»

Haurrak eta adinekoak; mendizaleak eta itsasokoak; gizonak zein emakumeak. Tolosako herriak maitasunez omendu zituen atzo eguerdian Edurne Pasaban eta Asier Izagirre. Ekitaldi xume bezain hunkigarria izan zen eta malkoei eusten nahikoa lan izan zuten protagonistek.

p053_f01_555x555.jpg

Arnaitz GORRITI

«Honek ere hipoxia, oxigeno falta, sortzen digu: ez dakigu non gauden ere», onartu zuen Asier Izagirrek Tolosako udaletxean omenaldia amaitu berritan; «baina hipoxia honek poz ematen du, oso eskertuak gaude gure herriarekin», gaineratu zuen. Antzera mintzatu zen Edurne Pasaban ere, Tolosako alaba kutuna -ekainaren 19an izendatuko dute. Hirugarren tolosarra izango da bera, aurreneko emakumea-. «Esaten dute norbere etxean inor ere ez dela profeta, baina hori ez dela egia esan dezaket. Begira zenbat jende egon den udaletxe aurrean, eta hori jendeak maite gaituelako eta une oro gurekin dagoelako da».

Azoka eguna, eguraldi eguzkitsua, jendea Tolosako erdigunean. Lore salmenta, jendea irribarretsu, telebistako kideak Edurne Pasaban eta Asier Izagirreren omenaldiari buruz galdezka, festa giroa Tolosan eguerdia iristeaz bat. Triangulo plazan dultzaineroen musikarekin hasi zen bi mendizaleen ekitaldia. Dultzaineroen kalejiran atera ziren Pasaban eta Izagirre, makina bat herritar atzetik zirelarik.

Baina luze gabe, Triangulotik Plaza Zaharrera bitartean dagoen Zerkausia kalean TAK Tolosaldeko Arraun Klubeko neskek aurreneko ustekabea eman zuten: pasabidea egin zieten omenduei, eta ohorezko zapia eman zioten Pasabani: itsasoa eta mendia, dena elkarturik.

«Hori da onena: ez gaituela mendizaletasunarekin loturiko jendeak bakarrik preziatzen, baizik eta egin duzuna beste giro ezberdinetako jendearen artean -arraunlarien artean, bertsolarien artean...-, herriko edozeinek erakusten du maitasun hori», onartu zuen Pasabanek. «Benetako gailurra ez dago goian, behean baino», gaineratu zuen Izagirrek; «Lagunekin, babarrun on batzuk jaten, edo gure kasuan zer nolako eskalada izan den edo nola pasa dugun kontatzen».

Kosta egin zitzaien protagonistei udaletxera iristea, aspaldian ikusi gabeko ezaguna parean tokatutakoan, naturaltasun osoz, gelditu eta berbetan geratzen zirelako protagonistak baino. Eliteko kirolariak, eta etxeko etxekoak, aldi berean. «Euskal Herrian mendizaletasuna oso gurea da. Nor ez da joan inoiz umetan gurasoen eskutik helduta inguruko mendietara?», zihoen Edurne Pasabanek, irribarrea ezpainetan, honekin eta harekin solastatzen zen artean.

«Ez nekeak, ezta korearrak»

Udaletxeko sarreran lore sorta bana eta besarkadak zituzten zain atzoko bi protagonistek, baina, noski, jaia hasi baino ez zen egin. Hasteko, bertsolariak: Amaia Agirre bertsolari «profesionala» eta Edurne Pasabanen ikasleetako bat, Aritz. «Alturak ez du handi egiten / behin ikasi nuen, hara / baina alturak eraman zaitu / handienaren mailara», kantatu zuen Pasabanen ikasleak. Amaia Agirrek, bestetik, «lasaitasuna islatzen badu / gaur daukazuen irriak / bizitzak berak jarriko ditu / zortzimilako berriak», gogorarazi zuen.

Dena dela, bertsolarien saioaren ostean iritsi zen goizeko unerik hunkigarrienetako bat. Aurkezleak gogorarazi zuen moduan, Shisha Pangmako kanpaleku nagusian «aspertuta» zeudelarik, Skype bidez Samaniego ikastetxeko neska-mutilekin hizketan jarduteko aukera izan zuten atzoko bi omenduek, baita mendizaleei «Ikusi mendizaleak» doinuaz moldaturiko zenbait ahapaldi kantatzekoa ere, baina ez ei zuten entzuterik izan. Bada, Samaniego ikastetxeko haurrek udaletxeko balkoitik abestu zituzten ahapaldiok. «Ikusi gure Edurne / zortzimiletan gora / Himalaiako historian / betiko izango da / ez nekea, ezta korearrak / gora gora gure Edurne! / Edurne euskalduna da / ta Tolosakoa», edota «Asierrei mila zorion / agur eta ohore / Edurneren lehengusu / eta adiskide / ez nekea, ezta korearrak / gora Asier, eta Edurne! / bikote euskalduna / ta Tolosakoa!»

Etxekoen maitasuna

Koldobika Jauregiren serigrafia bana jaso zuten gero bi omenduek, baina «herritarren maitasun adierazpena» azpimarratu nahi izan zuen Jokin Bildarratz alkateak. «Sari asko jasoko dituzue, baina, benetan, herrian egin nahi izan duguna, tolosar guztion partetik zuei txalo handi bat eta muxu handi bat ematea da». Festa Tolosa Kantari taldearen abestiekin amaitu zen.

«Ez da erraza zer sentitzen dugun hitzen bidez adieraztea», aitortu zuen Pasabanek udaletxeko balkoitik. «Askotan galdetu digute zer sentitzen ote den zortzimilako gailur baten. Bada, oraingo gauza berbera: zure lagunak, zure herria, zure familia... hor daudela. Handia naiz, baina handiak zarete zuek; zuek egin duzue posible guk 14 zortzimilakoak bukatzea. Une txarretan hor egon zarete, maitasuna ematen; goizero zuen mezuak irakurtzen genituen. Eskerrik asko eman diguzuen berotasunagatik».

«Gure lana amaitu dugu eta ahal izan dugun neurrian zuen izena eta Tolosaren izena munduan zehar zabaldu dugu, baina herri bat pertsonek egiten dute», amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo